XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kristaugintza edo kristau sarbidapena

Jesus Nazaretekoak erakutsitako bideari segitzea, berak maitatu zuen bezala maitatzea, berak besteak zerbitzatu zituen bezala zerbitzatzea, eta berak konfiatu zuen bezala Jainkoagan konfiatzea da.

Beraren bizi-tankerari jarraitzea da.

Kristauek ezin ekin diezaiokete bakarka bide horri, Jesusek sortarazitako elkartearen barnean baino, hau da, Elizaren barnean.

Honen baitan, sakramentuei eskerrak Izpiritu Santua hartuko dute, bizitza-eredu horri jarraitzen lagunduko diena.

2. Gogora ezazu zeure ikasgelako lagunekin eginiko txangoren bat eta apunta itzazu aurretik zuk egindako prestakizunak eta zergatik egin zenituen.

Txangorako prestakizunak: Eskualdearen mapa bat lortu.

Zergatiak: Bidean ez galtzeko.

Kristau bizitzaren hasieran, Elizak kristau sarbidapenerako sakramentuak ospatzen ditu: Bataioa, Sendotza eta Eukaristia.

- Bataioa. Honen bidez fedea jaso eta Elizaren partaide izaten hasten da kristaua.

-Sendotza. Sakramentu honen bitartez, Bataioan jasotako fedea berretsi egiten da eta Jesusen Berri Ona, hitzez eta eginez, aldarrikatzeko eginkizuna ematen zaio kristauari.

-Eukaristia. Sakramentu honen bidez, Jesusen gorputz-odolak hartzen dira eta kristauak estukiago lotzen zaizkio Elizari eta honek gizaki guztiei zerbitzatzeko duen eginkizunari.

Sakramentu hauek hartzeko eta aurreko prestakizunak egiteko sasoiari kristaugintza edo kristau sarbidapena deritzo.

Aipatutako lehen urratsok edo sarbidapena haurtzaroan zein nagusitan gerta daitezke.

-Jaiotzan hasten denean, hiru sakramentuok haurtzaroan eta gaztaroan ospatzen dira: jaio eta berehala, Bataioa; haurtzaroan, Lehen Jaunartzea; nerabezaro edo gaztaroan, Sendotza.

-Kristau izateko lehen urratsak nagusitan egitean, hiru sakramentuok batera ospatzen dira eta ordena honetan: Bataioa, Sendotza eta Eukaristia.

Dena dela, lehen kasuan katekesia eta bigarrenean katekumenotza edo kristaugaialdi izeneko prestaldiak bete behar dira. Horien helburua bataiatuei eta bataiatzeko daudenei laguntza ematea da, beti ere, Jesusen Berri Ona ulertu, bizi eta ospa dezaten.

Jesus Nazaretekoaren bideari segitzeko, Izpiritu Santua dute kristauek lagun.